miércoles, 4 de junio de 2014

RAI BUENO

RAI BUENO

Se hizo esperar. Pero mereció la pena

Cercano en el trato supo mantener la atención de todos pendientes de su mirada, de sus palabras, de sus silencios...
Un encuentro que, aunque extenso en el tiempo, se nos hizo corto con sus historias, su lenguaje rico en imágenes, en sensaciones...

Para que lo podáis conocer un poco más os dejamos aquí este artículo escrito por él a modo de biografía




Rai Bueno naiz, 1968ko apirilaren 21ean Donostian jaioa. Lau anai-arreben artean bigarrena. Haurtzaro garaiko irudi gutxi gordetzen ditut gogoan: praka motzak, bota beltzak, amonak egindako artilezko galtzerdi eta “jertsei” beroak, gure etxe azpiko gozotegiko pastelak, Oiartzungo amona eta bere etxeko korridore luzea eta haren bukaeran misterioz betetako gelak neguko igande euritsuetan. Gogoan dut aitak lan handia egiten zuela etxetik kanpo eta amari lan handia ematen geniola etxean, gogoan dut merienda ordua sakratua zela eta gero asko saiatu behar genuela ikastolako lanekin, ama zorrotza zela kontu haietan eta amonak erderaz eta barre eginez esaten ziola: “¡Mal domada, buena domadora!”. Oroitzen ditut Kontxako hondartza eta itsaso enbatak ekarritako enbor eta zakarrak, nola jolasten genuen mutil koxkorretan lagunekin ur ertzean.

Urteen joanean, musika zaletasuna lehendabizi aitaren eskutik, liburuak geroago literatura irakasle baten eskutik eta hari lotuta antzerkia nire gazte bizitzaren atal garrantzitsuetan bilakatu ziren. Asko eta sutsuki maite izan  nituela hainbat neska eta lotsaren lotsez nire maitasunak barrenean kontsumitu zirela mutu eta isilik. Oraindik ere gogoratzen ditut eta nolabait maite. Maitasunerako azaldutako ausardia falta, beste eremu batzuetan azaltzeko eszenatokiak bilatu nituen: mendia, harkaitza, eskalada… eremu zabal eta librea, nire gogoak arnasa eta plazerra, benetako lagunak, benetako bizi eskola.

Zientziak aukeratu nuenean, lagun batek harrituta hala esan zidan: “Baina, Rai nola hautatu dituzu zientziak??”

Gero Lurrarekiko jakin nahiak Geologia ikastera eraman ninduen. Leioako Zientzi Fakultatean aritu nintzen 5 urtez, harri eta  “sedimentu” artean. Gustura aritu nintzen oso, baina handik atera eta pertsonei buruz jakiteko premia sortu zitzaidan. Bilbo alde horretan, ernatu zen hainbeste urteetan zehar ikastolak gure barruan erein eta zaindutako hazia. Euskara zuhaitz lerden bat bezala hazi zen nire bizitzan. Haren itzal eta babesan, heldu ziren Euskal Udalekuak eta haiekin Euskal Herriko txoko askotako lagunak euskarari eta euskal kulturari lotuak.

Udalekuetatik, Euskara Barnetegira. Lau urtez Arabako neska-mutilekin lanean euskara suspertze barnetegian. Natura, jolasak, euskara eta umeak. Eta umeekin ipuinak, eta jolasarekin pailazoen mundua, antzerkia.

“Paraiso” deitzen den Gasteizko antzerki taldean sei urtez ibili nintzen umeei zuzendutako antzerki lanak sortzen, taularatzen eta komediante tunante moduan estatuan zehar. Ederra izan ziren urte haiek. Beno urte haien bueltan maite nuen jendetik hurbil egoteko premia sentitu nuen. Oiartzungo mendialdeko etxe zahar bat konpondu eta han bizitu izan ginen, naturaren erritmoan eta neguko egun hotzak sua, kantuak, kontuak eta maitasunak berotzen zituela.

Gure lehen alaba jaio zen, eta heriotzak naturaltasunaz eraman zuen, orain guretzat hura lurra da, baso da, itsaso da, elurra da… Gu Donostiako hirira mudatu ginen eta itsas ondoan tablarik gabe, bizitzan surfeatzen ikasi genuen, apur bat. Olatuen aparretan bigarren alaba heldu zen eta hari dedikatuak ditugu, egunak eta gauak, asteak eta hilabeteak, urteak… 5 urte. Eta azken hauetan, saltsa askotan ibilia ni: ipuinak, libururen bat argira ekarria tartean… eta orain ia astirik ez dudala, baina ez nago ahaztuta, zuentzako nolabaiteko “biografia” eta letra hauek idazten. Baina orain berandu da eta ohera noa, bihar goizeko seiretan esnatuko naiz, lanera joateko… Pasaiako herriko parkeko belarrak ditugu zai. Udaberria da, belarra isilik baina neguko deskantsua eta gero gelditu gabe gora, haziz, gora doa…. Urtaroak etenik gabe jarraian aurrera doaz… eta haiekin batera gu. Opor onak pasa itzazuela eta goza!! Laster arte! Rai



No hay comentarios:

Publicar un comentario